Ibilbide irisgarria Iñurritzan

ebu

Ibilbide irisgarria Iñurritzan


EBU guztientzat

Bideo audio giden laguntzaz  Iñurritzako ibilbide irisgarria egitea proposatzen dizugu, Eraztun Berde Urdinaren itsas aldeko ekialdeko muturrean dagoena. Iñurritza urak zizelkaturiko altxor bat da.

Ibilbide honetan biodibertsitatea ezagutzera animatzen zaitugu, euskal kostaldeko hiru ekosistema erakusgarri zeharkatuko ditugularik: dunak, padura, eta itsaslabarrak.

 

Ezaugarriak


Iñurritzako ibilbide zirkularraren zati bat udalerriko kale batzuek osatzen dute, ibilbidearen abiapuntura iritsi arte. Inguruan, komun publiko eta eserleku ugari daude.

Eserlekuak

San Pelaioko komun publiko autogarbigarria

 

Malekoian, Iñurritza ibilbidearen abiapuntutik oso hurbil komun publikoak eta iturriak daude, skate parkearen parean eta Borguetto kantinan. Abiapuntutik malekoira jaisteko arrapalak erabil daitezke.

Behin abiapuntura iritsita, ibilbidearen lehen zatian, dunaren gainetik doan egurrezko pasarela lau bat zeharkatu behar da. Egurrezko pasabidea eta itsasertza paraleloan doaz. Zoladura gogorra duenez, oinezkoek eta gurpil-aulkiek erosotasunez zeharkatu dezakete dunen eremua.

Iñurritzako dunetako egurrezko pasarela

Iñurritzako kanaleko zubi berria ere guztiz irisgarria da.

Iñurritzako kanaleko zubia

Zubia igaro ondoren, ordea, hartxintxarrezko lurra dago (Sorginmuño bidea). Zorua nahiko laua den arren, irregularra da, eta desnibelak eta eremu estuak ditu. Tarte horretan eserleku ugari daude eta iturri bat ere bai.

Sorginmuño bideko hartxintxarreko bidea

Sorginmuñoko hartxintxarreko bidea eta bide asfaltatua

Nola iritsi


Oinez edo bizikletaz

Iñurritzako Paisaia Natural Babestua eremu lau batean dago, ia Zarautz osoa bezala. Ondorioz, Iñurritzako ibilbidearen abiapuntua irisgarria da bai mugikortasun murriztua dutenentzat bai gurpil-aulkian dabiltzanentzat, kale batzuetako espaloiak izan ezik (2 metroko zabalerarik ez dutelako).

Abiapuntura iristeko, oinezkoentzako bidea dago Aresti kaleraino. Ondoren, Aresti kalean, espaloia oso estua da, baina ibilgailuen zirkulazioa mugatua denez, galtzadatik ibil daiteke. Lauaxeta kalean oso trafiko gutxi ibiltzen da. Espaloi estua du, eta batzuetan galtzadatik ibili behar izaten da.

Aresti kaleko galtzada edo bide asfaltatua

Zarautzek bidegorri-sare zabala du udalerri osoan. Horri esker, Iñurritzako ibilbidea bizikletaz egin daiteke, pasarelan izan ezik. Ibilbidearen sarbidearen ondoan, bizikletak uzteko toki bat dago. Era berean, bizikletak aparkatzeko leku ugari daude Bertsolarien plazan, San Pelaio ermitaren eta Salbatore Mitxelena ikastolaren ondoan.

Bizikletentzako aparkalekua Iñurritzako abiapuntuan


Garraio publikoan

Trenez Bilbo eta Donostia lotzen dituen Euskotrenen E1 lineak Zarautz zeharkatzen du, eta bertan bi geraleku ditu. Iñurritzara joateko San Pelaio geltokian jaitsi behar gara. Euskotrenen web-orrian daude Zarauzko geltokien ordutegi eguneratuak.

San Pelaioko tren geltoki irisgarria

Euskotrenen geltokitik ibilbidearen abiapuntura 700 m luzeko oinezko ibilbide bat dago. Ibilbide horren zati handiena irisgarria da. N-634 errepidea zeharkatzeko lurpeko pasabide bat dago. Aresti kalea hartzen den puntuan zati batzuk ez dira irisgarriak, espaloi estuak daude eta. Aresti kaleko bi zebrabide pasatu ondoren oinezkoen ibilbide lau eta zabal bat hartu behar dugu ibilbidearen abiapuntura iritsi arte.

Lurraldebusek probintziako hainbat udalerrirekin komunikatzen du Zarautz, UK03, UK08, UK09, UK10 eta UK11 lineen bidez. Iñurritzako ibilbidera autobusez etorri nahi izanez gero, Lurraldebusek bi geraleku ditu: Nafarroa kalea 5A (San Pelaio) Bilbo aldetik datozenentzat, eta Nafarroa kalea 52 (Pilartxo Enea) Donostia aldetik datozenentzat.

ere geraleku horiek erabiltzen ditu eta huez gain, beste bi geraleku ditu ibilbidearen abiapuntutik hurbil: Gipuzkoa kalea 53 (Pontalier) eta Gipuzkoa kalea XX (Iñurritza-ikastola).

Pontalierreko autobus geltokia (Gipuzkoa kalea 53)

 


Autoan

Zarautzera iristeko bide nagusiak AP-8 autobidea eta N-634 errepide nazionala dira. Herrira iritsi ondoren, autoa aparkatzeko hainbat aukera ditu bisitariak. Aparkalekuen kokapenari eta tarifei buruzko informazio guztia esteka honetan aurki daiteke: Non aparkatu Zarautzen

Mugikortasun Murriztua duten Pertsonentzako seinalatuta dauden hainbat aparkaleku plaza ere badaude (PMR) Iñurritzako abiapuntutik gertu. Mapa honetan kontsulta ditzakezu PMR aparkaleku guztiak.

Mugikortasun Murriztua duten Pertsonentzako aparkalekua Iñurritza ibilbideko abiapuntuaren ondoan