ebu
Vista Alegre parkea zentzumenen bidez
EBU guztientzat
Bideo audio giden laguntzaz Vista Alegre parkean parkearen edertasuna deskubritzeko eta gozatzeko ibilbide bat egitea proposatzen dizugu. Vista Alegre parkeko ibilbide zirkularra Zarauzko Eraztun Berde Urdineko Arkamurka ibilbidean dago. Ibilbide labur honetan parkearen iragana, oraina eta etorkizuna ezagutuko dituzu, natura eta gizakia elkartzen diren gune paregabe honetan.
Ezaugarriak
Vista Alegre auzoaren goiko aldean dago parkearen sarrera. Topalekuan parkearen izena irakur daiteke; panelak ere badaude bertako informazioarekin.
Parkeak ibilbide zirkularra du; sarreran hasi eta amaitzen da. Ia bide guztia maldan dago (leku batzuetan aldapa oso handia da). Ibilbideak 900 m inguruko luzera du, ondo adierazita dago, eta ez irristatzeko moduko lurra dauka. Parkean aire zabaleko gimnasio bat eta haurrentzako tirolina-parke bat ere badago.
Ibilbideko hainbat puntutan eserlekuak daude, batzuek bizkarraldea eta besoak dituzte eta beste batzuek ez. Hainbat informazio-panel aurkituko ditugu, eta zuhaitz-espezieei buruzko informazioa duten totemak ere bai. Inguruan ez dago komun publikorik.
Nola iritsi
Oinez edo bizikletaz
Zarauzko erdigunetik Vista Alegreko parkera oinez edo bizikletaz iristeko, San Inazio kalea eta Vista Alegre auzoa lotzen dituen Aldapetako bi igogailu irisgarriak erabil daitezke.
Hala ere, auzoan aldapa handiak daude, eta parkeko sarreraraino doan oinezkoen ibilbidea ez da irisgarria gurpil-aulkientzat, espaloiak estuak direlako (kasu gehienetan metro batekoak) eta % 6tik gorako malda dutelako. Horregatik parkearen sarrerara iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da.
Vista Alegreko parkearen sarrerara oinez edo bizikletaz joateko, beste bide alternatibo bat ere badago, San Inazio eta Barandiaran kaleak lotzen dituen biribilgunetik abiatuta. Zabalagoa da, asfalto gorria du, eta arrapaletan barandak. Hala ere, aukera horrek espaloi estua du ibilbidearen amaieran (Xiba elkartearen parean).
Garraio publikoan
Hiribusak geraleku bat dauka Vista Alegreko parkeko sarreran: Allemendi 2ko geralekua. Zarauzko autobus-linea guztiak bertatik pasatzen dira. Geltoki hori ondo seinaleztatuta dago. Geltokitik 3 metrora zebrabide bat dago parkearen sarrerara joateko. Bide-tarte txiki hori estua eta aldapatsua da.
Autoan
Vista Alegreko parkeko sarbidearen ondoan autoentzako TAO 2.guneko aparkalekuak daude. Mugikortasun Murriztua duten Pertsonentzako seinalea duten hiru aparkaleku plaza ere badaude (PMR).