Gesoerreka

2019an, Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak Natura 2000 Sareko Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremu babestuaren barnean kokatuta dauden bi lursail eskuratu zituen, guztira 3,13 hektarea hartzen dituztenak, eremu horretan artelatz basoak lehengoratu eta kontserbatzeko helburuz. Izan ere, lursail horiek erosi zirenean degradatuta zeuden: lursailetako bat garai batean pinudia izandako lursail abandonatu bat zen, eta bestea basopea erabat degradatuta eta higatuta zuen artelatzez osatutako eremua.

 2022ko urrian hasi ziren Gesoerrekako artelatz basoa berreskuratzeko eta leheneratzeko lanak. Zehazki, hauek dira egin asmo ziren lanak:

  • Zuhaitz exotikoak kendu; besteak beste, sasiakaziak (Robinia pseudoacacia), intsinis pinua (Pinus radiata) eta kainabera (Phyllostachys aurea)
  • Hazi bidez lortutako artelatzak, haritzak, ametzak eta gurbitzak landatzea. Guztira 500 zuhaitz landatu dira, horietatik 302 artelatzak.
  • Habitata bere osotasunean leheneratzeko ekintzak egitea:
    • Egur hilak basoan bertan utzi, intsektu eta ornodun txikien mesederako
    • Itxitura zaharrak kendu eta berriak jarri
  • Herritarren artean gai hauekiko sentsibilizazioa sustatzeko ekintzak burutzea.

2023. urte amaieran, Gesoerrekan ezkur-bilketa egin zen herritarrekin batera. Ondoren, ezkur horiek ernaldu egin ziren, eta hurrengo urte hasieran ernaldutako haziak bertan landatu ziren.

Scroll to Top