Iñurritzako Paisaia Natural Babestuaren barnean sartzen dira Malla-Harriko (zarauzarrentzat, “Mollarri”) inguruak ere. Paduraren eta dunen ekialdean kokatzen den muinoa da, eta balio paisajistiko, natural eta kultural handiko elementuak aurki daitezke bertan.
Paisaiari dagokionez, ikuspegi panoramiko ezin hobeaz gozatu daiteke bertara igoz gero; izan ere, itsaslabarra, itsasoa, hondartza, herrigune osoa nahiz mendi-ingurunea ikus daitezke bertatik.
Interes naturalistiko handiko eremua ere bada. Hegaztiei dagokionez, besteak beste, belatz handia (Falco peregrinus) aurki daiteke bertan, zeina EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasota baitago. Landarediari dagokionez, balio natural handia duen txilardi (Erica Vagans) atlantikoa aurkitzen da bertan.
Azkenik, Malla Harria kargalekua dago bertan. XIX. mendeko instalazioa da, meategien ustiaketarekin lotutakoa. Asteasuko Andazarrateko meategietatik ateratako burdin-minerala ekartzen zuten Zarauzko gune honetara, itsasontzietan kargatzeko. Hamaika kilometro luze zen aireko tranbia linea batekin ekartzen zuten bertako biltegiraino,. Jarraian, biltegitik zubi zamatzailera arteko bidea egiten zen.
