Natura 2000 Sarearen barruan dago eremu hau. Sare hori Europa guztian zehar zabaltzen den balio ekologiko handiko natur guneek osatzen dute. Garate-Santa Barbarak Getariako eta Zarauzko lursailak hartzen ditu; hain zuzen, 52,73 hektarea Zarautzen daude, Kontserbazio Bereziko Eremu osoaren % 38,92. Balio natural handiko zonaldea da; izan ere, landare eta animalia espezie ugariren habitata da , eta aparteko paisaiak ditu.
Artelatzen erreinua da Garate-Santa Barbara, Euskal Autonomia Erkidegoko artelatz basoen % 76 bertan dago. Artelatza (Quercus suber) Arrisku Egoeran dauden Animali eta Landareen Euskal Herriko Katalogoan Interes Bereziko espezien zerrendan jasota dago, eta Europako Batasunaren interesa du. Zingirako Artelatz-basoak artadia ere badu bere barruan, eta harizti azidofiloek batera mosaiko ikusgarria osatzen da.
Baso hauek arrisku egoeran dauden animali espezie askorentzat ugaltze-toki, babesleku eta elikatzeko habitat aproposak dira. Era berean, bestelako ingurumen funtzioak betetzen dituzte, besteak beste, zoru-euspen eta -sortze funtzioa, CO2 xurgatzea, kalitate oneko ura ematea, aisialdirako espazioak eskaintzea Zarauzko hiriguneari, eta abar.
Zarauzko Udaleko ingurumen politika da Garate-Santa Barbarako eremuan lursailak erostea, artelatz azalera areagotzeko. Azken urteetan, eremu horretan lursailak erosi eta artelatz-basoen berreskuratze-lanak egin dira, eta aurrerantzean ere eginkizun horiekin jarraitzea da asmoa.
Garate-Santa Barbarak Muntxio, Santa Barbara ermita, Vista Alegreko parkea eta Zingira basoa hartzen ditu. Lau eremu horietan askotariko espezieak aurki ditzakegu:
