Santa Barbarako ermita eta behatokia

Santa Barbara gainean XVIII. mendean eraiki eta izen bera duen ermita aurkitzen da. Zarauzko Udalak 1995. urtean zaharberritu zuen, baina egun urtean behin soilik egiten da meza elizkizuna, abenduaren 4an.

Ermitak lau uretako teilatua, oinplano lauki zuzena eta abside trapezoidala ditu. Barnealdean arku eskarzano itxurako egurrezko ganga du. Goiburu poligonalaren gainaldean eta aldarearen atzean, hainbat ezaugarri ikonografiko dituen Santa Barbararen irudia gordetzen duen itxura klasikoko erretaula txiki bat dago.

Ermitara iristeko galtzada erromanikoa dago, udalerriko ondare historiko garrantzitsuenetarikoa.

Hori gutxi balitz, ermitaren ondoan, Zarautz osoa, bere inguruko mendiak eta hondartza ikusteko aukera ematen duen behatokia dago. Beraz, bertara igotzeko malda dezentea dagoen arren, ikuspegi horrek erabat arintzen du ibilbidean zehar pilatutako nekea.

Scroll to Top