dinamizazioa eta sentsibilizazioa
Orientazio ibilbide iraunkorra
Baliabideak
Zarauzko Udalak eta herrian errotuta dagoen GOT Gipuzkoako Orientazio kirol taldeak, orientazio kiroleko ibilbide berriak egin dituzte. Modu honetan, aire librean Zarautzen egin daitekeen kirol eskaintza areagotuko da eta orientazioaz gozatzeko aukera izango da.
Orientazio ibilbide iraunkorra egitea, aire librean egiteko jarduera paregabea da. Parte hartzaileak, bere gaitasunei egokitutako mapa bat eskuratu behar du. Mapa horretan, zehazten dira Zarauzko Eraztun Berde Urdinean eta herri gunean zehar bilatu behar diren elementuak, hain zuzen ere, plaka txuri-laranjak, orientazio kiroleko koloreak direnak. Topatuz gero, plakan bertan dagoen letra apuntatu behar da mapan eta Turismo bulegoan aurkeztu, aurkitutako elementuak, zuzenak diren egiaztatzeko edo webgunean begiratu erantzunak.

Orientazio ibilbide iraunkor hauek, Zarautzen eta Zarauzko Eraztun Berde Urdinean kokatuta daude, zehazki Arkamurka ibilbidean, Vista Alegre eta Santa Barbara eremuetan. Orientazio ibilbidea egiteko mapa bat erabili behar da, internetik jeitsi (deskargatu) edo turismo bulegoan lortu daitekeena.

Zailtasun eta luzera ezberdineko 3 ibilbide daude aukeratzeko. Ibilbide guztiak, Turismo Bulegoan hasi eta bukatzen dira. Errazena, ibilbide horia da, 1,7 km-ko luzera du eta Zarauzko herri gunean bilatu beharreko 10 plaka daude. Aukera hau familian egiteko aproposa da. Ibilbide laranja berriz luzeagoa da, 2,3 Km-ko luzera du, eta 15 plakatxo bilatu behar dira. Gorria, azkenik, luze eta zailena, orientazio kirola ezagutzen dutenei bideratuta dago, 15 plaka bilatu behar dira, eta 3,4 Km-ko bira bat osatzen du.

Kirola, Eraztun Berde Urdina, orientazio jolasak eta Zarauzko txokoak uztartuz, herriko inguruak ezagutzeko aukera eskaintzen du baliabide honek. Mapak Turismo Bulegoan, GOT Orientazio Taldeko web orrian. Eraztun Berde Urdineko web orrian edota Zarauzko Udalaren web orrian ere lortu ahal izango dira.
Deskargak
Egin klik eta eskuratu egin nahi duzun ibilbidea!





