Ingurumenaren Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditugu

Bihar, maiatzaren 22an, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta ekainaren 5ean, aldiz, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Bi data hauek uztartuz, Eraztun Berde Urdinetik hainbat ekintza antolatu ditugu gure herriko natura eta biodibertsitatea ezagutu, zaindu eta maitatzeko.

Maiatzaren 26an, igande goizean, Arkamurka Natur Elkarteak irteera bat antolatu du Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko eremura, eta bertara gonbidatu gaituzte Udaletik Zingiran eta Gesoerrekan egin diren erosketa berdeei buruz, habitaten berreskuratzeari buruz eta arkamurka zuhaitzen landaketei buruz hitz egiteko. Zarauzko Udaleko Ingurumen Arloko kideez gain, bertan izango da ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Saileko Teknikaria, Jon Zulaika. Irteeraren abiapuntua goizeko 9:00tan izango da Arkamurka Natur Elkartearen lokalean (Santa Marina, 1).

Egun berean (maiatzaren 26an) arratsaldean Eraztun Berde Urdinaren horma-irudia egingo da Malekoian, haurrekin batera Zarautzen dauzkagun ekosistema desberdinak eta bertako biodibertsitatea ezagutzeko asmoz.

Ekainaren 1ean (larunbatean) arratsaldez itsasoko zaborrei eta mikroplastikoei buruzko sentsibilizazio kanpaina garatuko da, Mater Itsasontzi Ekoaktiboarekin batera Malekoian. Gune berean, egunean zehar Andoni Bastarrikak hareazko eskultura errealista bat osatuko du, naturaren zaintzaren garrantzia irudikatzeko.

Beste bi ekimen ere gauzatuko dira, ingurumenaren zaintzaren beharra eta auzolanaren laguntza ikusarazteko.

Lehena, ekainaren 2an (igandean), goizean, Igerain errekastoa garbitzeko auzolana egingo da, Santa Klara komentuaren atzealdean. Zarauzko Udalak urtean bitan kontratatzen du Zarauzko erreken garbiketa, baina herritarrekin batera ere egin nahi dugu auzolana; martxoaren 9an Igerainen egin genuen auzolanari jarraipena emateko.

Bigarren auzolana ekainaren 16an (igandean) izango da goizez. Vista Alegre parkean dauden landare exotiko inbaditzaileak ezagutzeko irteera eta Crocosmia (Crocosmia x crocosmiiflora) landare exotiko inbaditzailea erretiratzeko auzolana burutuko da. Aurrez, Oteiza Politeknikoko Lanbide Heziketako ikasleen laguntzaz, pare bat irteera antolatu dira era honetako landareak desagerrarazten laguntzeko.

Azken bi ekimen hauetarako izena eman behar da:

943 005159

zarautz@eraztunberdeurdina.eus
Informazio gehiago eta egitaraua hemen​​​​​​​:

Animatu eta parte hartu!
Guztion inplikazioa beharrezkoa da aldaketa klimatikoari aurre egiteko, guztiok arazoaren eta, aldi berean, konponbidearen parte garelako.