Otsailaren 2an Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta egun horren harira hainbat ekintza antolatu ziren Zarauzko Udaleko Ingurumen arloko Eraztun Berde Urdinaren egitasmotik, besteak beste, Iritan zuhaitz landaketa egin zen Orokietako LH 4ko ikasleekin batera, eta Zingirako mikro hezeguneari buruzko hitzaldi bat ere eskaini zen Aranzadi Zientzia elkarteko eta Neiker-eko zientzialarien eskutik.
Zingira basoa Eraztun Berde Urdinaren Arkamurka ibilbidean aurkitzen da eta Europak babestutako Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuta dago. Baso honen alderik garaienean, garai batean Zingira izeneko baserria zegoen inguruan, bi mikro hezegune daude: Zingira I eta Zingira II. Bi mikro hezeguneak Zarauzko Udalak sortu zituen Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, bizidun urtarren mesederako, batez ere anfibioak, narrastiak, sorgin-orratzak eta burruntziak babesteko.
Biodibertsitate baliotsu honen jarraipena bermatzeko hainbat kudeaketa eta dibulgazio ekintza bultzatu ditu Udalak azken 5 urteotan Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean. Eta 2023 urtean pausu berri bat eman zen Zingira I mikro hezegunean, “Mikroklima: mikrohezegune sarea krisi klimatikoaren aurrean” egitasmoaren baitan barneratu baitzen.
Urmaelak klima krisiaren aurrean duen erantzuna aztertzen ari dira Mikroklima proiektuaren baitan.
Aranzadi ikerketa herpetologikoak, entomologikoak, botanikoak gauzatzen ari da; eta honez gain, Neiker erakundeko ikerlariak bertako eltxoak aztertzen ari dira .
Udaberria bete betean dugula aprobetxatuz, Zingirako urmaeletan dagoen biodibertsitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dugu Aranzadi eta Neikerreko adituen eskutik. Irteera irekia izango da eta haur, gazte zein helduei zuzenduta egongo da.
📆 apirilak 14.
🕣 10:00
📌 Vista Alegre parkeko sarrera nagusian.
🥾 Irteera egiteko oinetako egokiak eramatea gomendatzen da.
*Oharra: izena-ematea beharrezkoa da
👇👇
Izena-ematea:
zarautz@eraztunberdeurdina.eus
943005159
Animatu eta eman izena!

