Sorbeltzak (Txirringiloak) babesteko eta ezagutzeko proiektuan parte hartu dute hainbat ikastetxek

Gaur Sorbeltzen Nazioarteko Egun ada. Herriko biodibertsitatearen kontserbazioaren mesederako, hainbat ikastetxe animatu dira udaberrian sorbeltzentzako egokitutako habi kutxak jartzera.

Gaian gehiago sakontzeko, ikastetxeetan tailerrak lantzeko aukera eskaini zaie udaletik. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko kideek gidatu dituzte tailerrak.

Sorbeltzak (Apus apus espeziea) Zarautzen Txirringillo bezala ezagutzen dira eta gazteleraz “vencejo” esaten zaio.

Hegazti intsektujale hauek abiadura bizian mugitzen dira airean akrobaziak eta jauziak eginaz. Egunean 800 intsektu jatera iritsi daitezke beraz oso garrantzitsuak dira ekosistemen oreka mantentzeko.

Habia egitean izan ezik, euren gainerako bizi ziklo guztia (jan, ugaldu eta lo egin ere) hegan egiten dute. Hau da, urte osoan 10 hilabete inguru pasatzen dute hegan.

Hegazti migratzaileak dira eta egunotan gure herrian entzun eta ikus ditzakegu.

Habiak gizakien eraikinetako paretetan, zirrikituetan, zuloetan eta teilatupeetan egiten dituzte apiriletik ekainera bitartean. Baina azken urteetan etxebizitza berrien eta eraberritzen diren etxe zaharren fatxadetan dauden diseinuak direla eta, zirrikitu gutxi izaten dira eta, adituen ustez, geroz eta kabi gutxiago egiten dituzte sorbeltzak gure herriko txokoetan. Arazo horri irtenbidea bilatzeko jarri dira kabi kutxak.