Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak Eraztun Berde Urdineko bisita gidatuei ekingo die berriro. Bisita hauek herritarrei udan zein Aste Santuan eskaintzen zaizkie, baita ikastetxeei ere ikasturtean zehar, Eraztun Berde Urdinaren balio naturalak ezagutarazteko.
Irteera gidatuen helburua da Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistemen ingurumen-balioa ezagutaraztea, natura zaintzea helburu duen azpiegitura berdea sustatzea, eta herritarrak ingurumen-balio horietan sentsibilizatzea. Ikasturtean zehar ere irteera gidatu berberak eskaintzen dizkiegu Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikastetxe guztie,. Amaitu berri den ikasturtean Zarauzko ikastetxe guztietako 517 ikaslek parte hartu dute.
Bisita gidatuak 3 ibilbidetan egingo dira: Arkamurkakoa, Hezeguneetakoa eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldeetan eskainiko dira udan, txandakatuz, eta Iñurritzakoa larunbat goizetan, bi astean behin, uztailean, abuztuan eta irailaren 6an amaituz. Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira beti, eta, horretarako, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean.
Udako lehen irteera ostiral honetan, uztailaren 4an, izango da, 18:00etan, hezeguneen ibilbidean, suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokitik irtenda. Bestalde, uztailaren 11n, ostirala, Arkamurka ibilbidea egingo da 18:00etan, eta Aldapetako igogailuan hasiko da, eta uztailaren 12an, larunbata, Iñurritza ibilbidea, 10:00etan Borghettotik abiatuta.
Ordutegiak eta abiapuntuak udan zehar mantenduko dira. Bisita gidatuetan naturgune horien ezaugarriak erakutsiko dira, hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima-aldaketan duten eragina, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze-lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab.
Gehieneko aforoa 20 pertsonakoa izango da. Aforoa mugatua izango denez, interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan. Irteera bakoitzean, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio espezifikoa eskainiko da.

