Gesoerreka basoa leheneratzeko eta ingurumena hobetzeko lanak hasi dira

2019an, Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak Natura 2000 Sareko Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremu babestuaren barnean kokatuta dauden bi lursail eskuratu zituen. Elkarren ondoan dauden bi lursail hauek 3,8 hektareako azalera hartzen dute eta kontserbazio egoera onean dauden artelatza (Zarautzen arkamurka) masa handiak dituzte.

Eremu honetako artelatz-basoak lehengoratu eta mantentzeko burutu da erosketa berdea. Bertako biodibertsitatea mantentzeko, hobetzeko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitzeko. Espazio berdeak areagotuz klima aldaketaren aurka borrokatu nahi da, eta era berean, konektagarritasun ekologikoa areagotu nahi da ondoan dagoen Zingira basoarekin korridore ekologiko bat sortuz. Honez gain, Gesoerrekako eremua Zarauzko Eraztun Berde Urdinean integratuko litzateke, herritarrei naturara hurbilarazteko aukera gehiago eskaintzeko eta pertsonen osasun, ongizate zein bizi kalitatea hobetzeko.

Urrian hasi dira Gesoerrekako arkamurkak berreskuratzeko eta lehengoratzeko lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ematen duen ‘Degradatutako eremuak berreskuratu eta leheneratzeko eta azpiegitura berdeak hobetzeko diru-laguntzarekin. Arkamurkak berreskuratu eta lehengoratzeko espezie exotiko batzuk (batez ere itsinis pinua eta sasiakazia) kendu eta hauen ordez arkamurkak (Quercus suber), haritz arruntak (Quercus robur), ametzak (Quercus pyrenaica) eta gurbitzak (Arbutus unedo) jartzen ari dira. Guztira 500 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, eta horietatik 302 arkamurkak izango dira.