Zuhaitz Eguna ospatu da

Joan den ostiralean, Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuak antolatuta Zuhaitz Eguna 2022 ospatu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Zuhaitz Eguna urtero ospatzen da txandatuz doan Zarauzko ikastetxe batekin, eta deialdi honetan Salbatore Mitxelena Ikastolako LH 5.mailako ikasleak hartu zuten parte Astiko lursail batean egin zen zuhaitz landaketan. Toki honetan 2017an ospatu zen azkenekoz Zuhaitz Eguna Zerynthia tximeletak babesteko elkartearekin batera, eta aurten ere lursailaren egoera hobetu eta 2017ko deialdiari jarraipena eman nahi izan diogu, bi helburu nagusi jarraituz: alde batetik, 70. hamarkadatik grafiosia izeneko gaixotasuna pairatzen ari den zumarraren populazioa berreskuratzea, eta bestetik zumarraren menpe bizi den W zuria izeneko tximeleta buztanmotzaren populazioa babestea; izan ere, Tximeleta honen beldarrak ezinbestean zumarrak behar ditu elikatzeko. Zumarrak desagertzen ari direnez, tximeletaren populazioa ere asko murriztu da.

Horregatik, gaitz horrekiko erresistenteak diren zumar ale batzuk landatu zituzten ikasleek, eta horrez gain, bestelako zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko aukera ere izan zuten: hala nola, arkamurkak (artelatzak), astigarrak, gurbitzak, gorostiak, elorriak eta haritzak, besteak beste. Guztira 110 landare landatu ziren. Ekintza honen helburua ikasleek gure ingurunea, basoak eta bertako biodibertsitatea ezagutzea da eta, ezagutza horren bitartez, maitatzea, errespetatzea eta zaintzea. Horrela, natura ondare hau aurrerantzean ere gozatzeko aukera bermatu nahi dugu. Ikasle askorentzako lehen aldia izan da zuhaitz landaketa batean parte hartzen zutela eta oso esperientzia polita iruditu zitzaien. Hemendik aurrera gainera, ikasleek izango dute zuhaitz hauek zaintzeko ardura, eta nola hazten eta eraldatzen diren ikusiko dute urteetan zehar.