Artelatz landaketa egin dugu Zingiran

Gure eskerrik beroenak eman nahi ditugu gaur goizean artelatzen landaketa egitera etorri diren  herritar guztiei. Eguraldia ez dugu aldeko izan, baina hala ere herritarrak gogotsu etorri dira eta horri esker lan ederra egin dugu.

Torreoian bildu gara goizeko 10:00tan. Handik aitzurrak hartu eta Zingira basora abiatu gara. Baso hau Eraztun Berde Urdinaren arkamurka ibilbidean dagoen garrantzia handiko puntua da. Hain zuzen, Zingira basoan eta Gesoerrekan, hainbat partzela erosi ditu Udalak artelatz basoa errekuperatzeko.

Artelatza, Zarautzen Arkamurka bezala ezagutzen dena, Europako Natura 2000 Sarearen barruan babestuta dago, Garate Santa Barbara Kontserbazio Bereziko eremuan. Lehendik, Zingira basoan 1.300 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiago landatu ditugu. Artelatz horietatik batzuk, ordea, ez dute aurrera egin, eta gaurko egitasmoari esker, horiek ordezkatu nahi izan ditugu Zingira basoaren goialdean eta behealdean.

2023ko udazkenean herritarrekin batera Gesoerreka basora joan ginen artelatzen ezkurrak biltzera. Guztira 14 kg ezkur bildu genituen eta ezkur haietatik Diputazioko mintegian hazitako artelatza landareak izan dira Zingiran landatu ditugunak. Guztira 100 arkamurka landatu ditugu. Horiez gain, Zingira urmaelaren ondoan intsusak, haltzak, erramua edo ereinotzak eta gurbitzak landatu ditugu, urmaela bera babesteko.

Zingirako 3 eremuetan egin dugu landaketa eta euria zaparrada hasi duenerako hamaiketako ederra egitera itzuli gara Torreoira, egindako lana giro ederrean amaitzeko.