Begisare elkartearekin EBUko irisgarritasuna aztertuz

Retina Gipuzkoa Begisare elkarteko kideen bisita jaso dugu Vista Alegreko parkean. Izan ere, Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren ibilbideko bi interes punturen irisgarritasuna egokitzeko alternatibak aztertzen ari gara, pertsonen ongizatea, bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko asmoz. Horretarako, elkarte eta kolektibo ezberdinekin harremanetan jartzen ari gara, beraien ikuspuntua eta egunerokotasunean irisgarritasunaren aldetik dituzten zailtasunak bertatik bertara ezagutzeko.

Zarauzko Eraztun Berde Urdinaren egitasmoaren helburuetako bat habitatak, biodibertsitatea eta hauen garrantzia ezagutaraztea da. Ondorioz, ibilbidean zehar eskaintzen diren edukiak denentzako ulergarriak izatea nahi dugu. Natur gune hauen ezagutzaren bidez hauek babesteko eta kontserbatzeko nahia eta beharra sustatzen da, ezagutzen dugun hori maitatzen dugulako.

Begisare elkartea, erretinosi pigmentarioa duten pertsonen eta ikusmen murriztua duten pertsonez osatuta dago eta haiekin elkartu gara beraien ikuspuntua bertatik bertara ezagutzeko. Horretarako, Vista Alegreko parkean izan gara eta parkera hurbiltzeko sarbideak baloratu ditugu. Bestalde, ibilbide zirkularrean seinaleztapen sistema erraz aurkitzeko eta identifikatzeko gai izateko nola hobetu daitekeen, eta bestetik, informazio paneletako edukiak pertsona guztientzako eskuragarri izateko zein nolako urratsak eman daitezkeen aztertu dugu. Gainera, ibilbidean zehar dauden harrizko eta egurrezko eskulturak eta zuhaitzen enborrak, hostoak eta haziak ukimenaren bidez ezagutu eta identifikatu ditugu. Natura 2000 Sarearen garrantziaz, egur hilen onuraz hitz egin dugu baita ere eta inguruko hegaztien kantuaz gozatzeko aukera izan dugu.

Ikusmen urritasunaren sentsibilizazioa sustatzeko, datorren asteartean (urriaren 25ean) Lege Zaharraren enparantzan mahai informatibo bat ipiniko dute Begisareko kideek 10:00tatik 14:00tara herritarrentzako informazioa eskaintzeko. Bestalde, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko aukera eskainiko dute, herritarrek ideia bat egin dezaten pertsona hauek nola ikusten duten eta lehen pertsonan biziko dute egunerokotasunean zein zailtasunak dituzten. Esperientzia aberasgarria izan daiteke, beraz animatzen zaituztegu bertan parte hartzera.

Eskerrik asko Begisare elkarteko kideei Eraztun Berde Urdinera bertaratzeagatik eta zuen proposamenak bertan partekatzeagatik. Esperientzia benetan aberasgarria izan da eta lanean jarraitzeko gogotsu gaude.