Ikastetxeek egindako hondartzako mikroplastikoen ikerketa eta pelleten arazoa

Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ikasturte honetan ere Zarauzko hondartzako mikroplastikoak ikertzeko kanpainan parte hartu duten ikastetxe guztiei. Ekimen hau Zarauzko Udaleko Ingurumen Saileko Eraztun Berde Urdinaren egitasmotik antolatu da, eta iaz bezala, Zarauzko DBH, batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak hartu dute parte MATER Ontzi Ekoaktiboko lagunek bultzatutako Herritarren Zientziako proiektu interesgarri eta partehartzaile honetan. Egitasmo honen helburua hondartzako mikroplastiko mota ezberdinak ezagutzea, hauek sailkatzen ikastea eta ingurunean sortzen duten kalteetan jabetzea izan da.

Tamalez, egunotan guztion ahotan dugu Toconao zama ontzitik isuritako plastikozko pinportak edo pelletak gure hondartzetara iristeko dagoen arriskua. Gaia oso gertutik jarraitzen ari gara eta asko dira arriskuaz jabetuta laguntza eskaini duten herritarrak ikastetxeak zein enpresak. Tamalez, pelleten kontua ez da berria, eta ikasleek ondo dakite hondartzan duten presentzia, beste mikroplastiko mota ezberdinekin batera. Guztion esku dago arazoa saihesteko gure eguneroko bizitzan ohiturak aldatzea, erabilera bakarreko plastikoak debekatzea eta zama ontzietan sortzen diren isuriak saihesteko legeak aldatzea.

Pasa den ostiralean Gipuzkoako Kostako udalek ezohiko bilkura egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, gure hondartzetara pelletak iristeko mehatxuaren aurrean, gaur egungo egoeraren berri emateko eta alerta-fasea ezarriko balitz, egin beharreko jarduketak eta protokoloa ezagutarazteko.

Oraingoz ez da beharrezkoa hondartzetan bilketa-jarduerarik egitea, eta, beharrezkoa izanez gero, deialdia egingo dela modu koordinatu eta ordenatuan.

ESKERRIK ASKO!