Eraztun Berde Urdinaren gune interesgarrienetako batean, Irita hezegunean intsektu polinitzaileentzako espazio bat jarri dugu. Lorategi honek tximeleta formako diseinua du, eta 30 landare eta zuhaixka espezie desberdin ditu, bereziki erakargarriak loreak polinizatzen dituzten intsektuentzat: izpilikua, melisa, elorri zuria, elorri beltza, karraskila, menda, oreganoa, salbia, intsusa… bezalako espezieak, guztira, 436 landare landatu dira, lorategi polit bat osatuz haziko direnak. Hesitu egin da, batez ere, txakurrak sar ez daitezen eta, horrela, ereindako landareak babesteko.
Proiektu honen helburua da biodibertsitatea bultzatzea eta intsektu polinizatzaileak babestearen garrantziaz sentsibilizatzea. Espazio honetan azalpen-panel bat eta intsektu-hotel bat ere instalatuko ditugu, hiri askotan ohikoa izaten hasia den zurezko egitura bat, polinizatzaileen garapena eta neguko biziraupena errazteko.