Zarauzko erreka eta hezeguneetan aurkitzen diren zaborrak jaso dira azken egunetan. Garbiketa hauek urtean bitan (udaberrian eta udazkenean) burutzen dira eta udalerriko ibaiak garbitzeko kontratua Zarauzko Udaleko Ingurumenak kudeatzen du.
Garbiketa lanak esleitutako Txukun Lorazaintza S.L enpresak egin ditu eta langileak eskuz aritu dira ibaietako zaborrak biltzen, makinak sartu gabe bertako izaki bizidunei kalteak ez eragiteko. Udazkeneko garbiketak euskal jaien ondoren gauzatu ohi dira eta aurten urrian zehar burutu dira. Guztira 580 zabor kilo bildu dira eta horietatik gehiena (150 kilo zabor) Iñurritzako biotopoaren eremutik atera dituzte. Zaborraren sailkapenari dagokionez, plastikoa da gehien bildu dutena, zehazki 250 kilo. Honez gain, 130 kilo txatarra eta 180 errefusa ere sailkatu dituzte. Bestalde, 10 pneumatiko, hainbat bizikleta eta telebista bat ere jaso dira.
Ibaiak ez dira zabortegiak, denok zaindu behar ditugun ekosistemak dira, bai gu denon mesederako eta baita bertan bizi diren izaki bizidunentzako ere.

