Zuhaitz Eguna ospatu da Gesoerrekan

Urtero, Zuhaitz Eguna antolatzen du Zarauzko Udalak herriko ikastetxe batekin eta gaur ostirala Gesoerrekako basoan ospatu dugu zuhaitz landaketa, eguraldia lagun genuela. Oraingoan
LA SALLE ZARAUTZ-eko LH 5.mailako ikasleen txanda izan da, eta basora hurbildu dira egun pasa egitera. Bertan, 100 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte eta biodibertsitatearen eta basoaren garrantzia ikasi dute. Honez gain, Gesoerrekako arkamurka basoak lehengoratzeko lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Gesoerreka basoa gure herrian dagoen baso eremu garrantzitsu bat da, artelatz zuhaitzez (Zarautzen Arkamurka izenaz ezagutzen direnak) osatua. Europako Natura 2000 Sarearen babesguneen barruan aurkitzen da, Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan hain zuzen. Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak hiru lursail erosi ditu inguru honetan arkamurka basoak lehengoratzeko, bertako biodibertsitatea mantentzeko, hobetzeko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiogu La Salleko LH 5.mailako ikaslegoari eta irakasleei ekimen honetan parte hartzeagatik, baita KEMEN Club Dep de Personas con Discapacidad – Pertsona Ezinduen Kirol Kluba ri basora hurbiltzeko Freewhee gurpildun aulki egokitua uzteagatik. Mila esker baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Txukun lorazantzari zuhaitz eta zuhaixka landareak ekartzeagatik eta landaketa egiteko beharrezko materiala uzteagatik.
ESKERRIK ASKO!