Geure gorputzean eta etxean burujabe

Geroz eta gehiago dira gure etxeetan erabiltzen ditugun garbiketa produktuak, merkatuan dagoen aukera benetan zabala da eta. Baina garbiketa produktu konbentzionalek toxikotasun maila handia izaten dute eta ingurumenari eta gure osasunari berari ere kalteak eragiten dizkiote.

Ingurumen Sailetik plastikoak murrizteko hainbat  kanpaina bultzatu dira. Helburu horri jarraituz,  beste ikastaro bat antolatu dugu, herritarrak beren beren produktu naturalak eta plastikorik gabekoak sortu ahal izateko.

Joan den urtean hainbat ikastaro labur eskaini genituen Zarautzen sendabelarren inguruan. Baina ikastaro hauek halako interesa piztu zuten herritarrengan, gaian gehiago sakontzeko eskaera sortu zela. Horrela, “Geure gorputzean eta etxean burujabe” izeneko ikastaro trinkoa antolatu dugu, 10 saiokoa eta zaintza ekologikoa hizpide hartuta. Kurtsoa Aiora Urbieta Eizagirrek (Amalda Biobotanika) bideratuko du.

Produktu toxiko hauen eta erabilera bakarreko plastikoen erabilera murrizteko asmoz, Aiora Urbietak urteak daramatza produktu naturalekin egindako garbigarria ekologikoak eta produktu kosmetiko natural alternatiboak egiten. Aiorak dion bezala, supermerkatuetan erosten diren produktuak bezain eraginkorrak dira etxean egindakoak. Hauek nola egin erakusteko 10 saioko ikastaroa prestatu digu, besteak beste hortzetako pastak eta ahorako elixirrak, gorputz eta aurpegirako oinarrizko xaboiak, erabilitako olioarekin xaboiak egiten, arropa garbigarriak zein leungarriak, etabar.

Ikastaroak asteazkenetan eskainiko dira eta abenduaren 13an hasi eta otsailaren 28an amaituko dira. Ikastaroak bi txandatan burutuko dira: lehena 14:30tatik 16:30tara eta bigarrena 17:00tatik 19:00tara. Ikastaro honetan parte hartzeko lehendik sendabelarren ikastaroa egin duten herritarrek izan dute lehentasuna. Hala ere, lehen txandan oraindik bi plaza geratzen dira libre. Beraz norbaitek parte hartzeko interesa izango balu, zarauz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi dezake.